Costa da Caparicako (Portugal) Praia do Paraiso hondartza lainotuta agertu da goizean, baina metro eta metro erdiko olatuekin, poz handia eman dio Ruben Vitoriari. Zarauztarrak 2020. urtea ebakuntza batekin amaitu zuen, oinean haustura bat zuelako. Ez du, beraz, bere garairik onenetako bat bizi izan, baina pandemiak lehiaketetan eragin duen geldialdia aprobetxatu du lesioa erabat gainditzeko eta buru-belarri prestatzeko.

33.a izan zen aurreko astean Portugalen jokatutako Santa Cruz Pro txapelketan, eta gaur lortutako 3.000 puntuek World Surf Leagueko Europako rankingeko 11. postuan jartzen dute. Beraz, ondo kokatuta dago CTra sarbidea ematen duten Challengers txapelketetan postu bat lortzeko borrokan. Ruben 64ko errondan sartu zen Caparica Surf Fest txapelketan, eta hasieratik eman zuen txapelketa on bat egiteko gai izango zela. Marco Mignot eta Kyllian Guerin frantziarren eta Raul Bormann brasildarraren aurretik pasatu zen hurrengo fasera, lehen postuan. 32ko kanporaketan Jorgann Couzinet frantziarraren, Lenni Jensen alemaniarraren eta Diogo Martins portugaldarraren aurka ere onena izan zen. 16ko kanporaketan aurrera egin zuen Gony Zubizarretarekin batera, Marco Mignot eta Gatien Delahaye frantziarrak kanporatuz. Final-laurdenetan Vicente Romerorekin lehiatu da, 11.83ko emaitza lortuz (bere aurkariak 10.33 lortu du).

Finalerdietan, ezagun handi baten aurka aritu da Ruben, Gony Zubizarreta, euskal jatorriko surflari galiziarraren aurka. Txapelketa honetan zarauztarrak oso puntuazio onak lortu ditu eta txanda hau ez da salbuespena izan. 8.93ko olatu batekin eta 8.70eko beste olatu batekin ia txandaren amaieran, ez dio aukerarik eman Gonyri, zeina El Salvadorreko Munduko Txapelketan ordezko moduan arituko den datorren astean.

Azken pausotxoa baino ez zen geratzen garaipena lortzeko: Charly Martin frantziarraren aurkako finala. Txanda oso berdinduta hasi da, baina euskal surflariak frantziarrak baino puntu gehiago lortu ditu amaieran. 9.40ko olatu batek eta gero 9.13ko beste batek garaipena ziurtatu diote Rubeni. Hondarrean Rubenen zain zeuden, ikurriña hartuta, titulua ospatzeko prest Jatyr Berasaluce eta Filipe Anjos teknikariak. Rubenen garaipenaz gain, gizonezkoen artean azpimarratzekoa da, halaber, Andy Criere eta Aritz Aranburu Basque Teameko bekadunak 9. eta 17. izan direla, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Garazi Sanchezen eta Ariane Ochoaren lana nabarmendu behar da, bosgarren postua lortu baitute, eta 9. eta 11. Postuan jarri dira, hurrenez hurren, Europako zerrendan. Beste bizkaitar bat, Leticia Canales, da zerrenda horretako liderra da. Basque Team fundazioaren bekadunak dira denak.

Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Más información
Privacidad