Munduko txapelketa absolutu bateko bere lehen finalean lortutako bosgarren postuak 39.168 puntu oso baliotsu eman dizkio Paris 2024ko plaza olinpikora asko gerturatzeko

Naia Lasok aise bete du Ostia-Erroman jokatu den Skate Parkeko Munduko Txapelketarako ezarritako helburua. Lehenik eta behin, finalerdietan sartzea zen bere asmoa, horrela Dubain 2022an erdietsitako emaitza berdintzeko, baina behin kota horretara iritsita, hurrengo helburua Munduko onenekin finalean sartzea zen, eta lehia estua izatea kirol honetako izarrekin. Hala egin du eta maila bikaina erakutsi du, gainera.

Naia Lasok kirol honetako nazioarteko izarretako bat dela erakutsi du eta aurrerapauso handia eman du sailkapen olinpikoari begira. Txartel olinpikoa lortzeko lehia bigarren fasean sartuko da, datorren urtearen hasieran Dubain puntuagarria izango den Munduko Txapelketa ere jokatu beharko dutelarik. Bosgarren postuari esker, Naia Lasok 39.168 puntu oso baliotsu eskuratu ditu Paris 2024rako plaza lortzeko.