Parapente denboraldiari amaiera eman dio Euskadiko Aire Kirol Federazioak antolatutako ekitaldiak, Oria ibaiaren aldameneko lurreratze eremu berrian. ORIO, 2025eko azaroaren 17a.- Azaroko hego haize bolada luze eta epelaren amaierarekin bat, 2025eko Euskadiko XCONTEST parapente txapelketako sari banaketa ospatu da asteburu honetan, azaroaren 16an, igandez. Ekitaldirako leku berezia aukeratu da: Orioko lurreratze eremu berria, Oria ibaiaren eta kirol portuaren ondoan.
Sari banaketa honek 2025eko parapente denboraldi osoan egindako hegaldiak aitortzen ditu. Zehazki, lehiaketa honek parte-hartzaile bakoitzak urtean zehar egindako 6 hegaldi luzeenak hartzen ditu kontuan. Baldintza gisa, 6 hegaldi horietatik 4, gutxienez, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroatik aireratuak izan behar dira (probintzia bakoitzeko onena kontatuz), eta gainontzeko biak lau lurralde horietako edozein aireratze izan daitezke.
Sailkapen Orokorra: Mattin Iñiguez txapeldun
Sailkapen orokorrean, Mattin Iñiguez izan da garaile nagusia. Iñiguezek 2025eko RED BULL X-ALPS lehiaketa gogorrean parte hartu du aurten, eta kontatu duenez, lehiaketa horretarako entrenamendu gogorren emaitza izan da, beste hamaika hegaldiren artean, Aizkorri iparraldera egindako hegaldi ikusgarri bezain gogoangarria. Bigarren postuan Iñigo Gabiria bizkaitarra sailkatu da. Hirugarren postua, berriz, Aner Etxezabal azkoitiarrak eskuratu du.
Bertaratutakoek pilotu sarituen ahotik entzun ahal izan dituzte urteko anekdotarik onenak. Gabiriak “izurik ez, baina momentu izugarriak” bizi izan dituela aitortu zuen. Etxezabalek, bere aldetik, Endoiatik aireratu eta Ernio zein Pagoetatik barrena egindako hegaldiaren zailtasunak azaldu zituen, baita Iñiguezekin batera X-Alps proba prestatzen elurretan izandako aireratze konplikatuak ere. Ekitaldia antolatzaileek eskainitako mokadutxo batekin amaitu zen, non pilotu eta zaleek hegaldien trukotxoak eta momentu gogoangarrienak elkarbanatu zituzten. Ez dira zenbaki makalak, inondik inora, lehen hiru postuen estatistika zenbakiak. Hiruren artean 700 ordutik gora pasa dituzte hegan 2025 honetan, horien erdiak Mattinek.
Gainerako kategorietako irabazleak
Euskadiko Aire Kirol Federazioak antolatutako sari banaketan, hauek izan dira gainontzeko kategorietako irabazleak:
● Klubik onena: BAIZA kluba.
● Tandem (biplaza): Ander Lasa (Nerea bikotekidearekin).
● Klub kategoria: Zigor Diaz.
● Sport kategoria: Iñigo Gabiria.
Informazio gehigarria eta eskerrak
Emaitzen zerrenda osoak, sailkapen zabalagoak, argazkiak eta ekitaldian erabilitako aurkezpena ondoko loturan daude eskuragarri: labur.eus/xcontest25
Antolatzaileek Orioko Udalari eta bertako Orioko Turismo sailari eskerrik beroena adierazi nahi diete ekitaldi hau antolatzeko eskainitako laguntza eta erraztasun guztiengatik.
Harremanetarako: Jon Arruti Altube · Euskal Aire Kirol Federazioko lehendakaria · 652717631 · [email protected]
ARGAZKIEN XEHETASUNAK: egilea eta testuingurua.
01 Argazkia: Íñigo Redín. Orioko XCONTEST saribanaketa 2025.11.16. PODIUMean ezkerretik eskubira Aner, Mattin eta Gabiria.
03 Argazkia: Iñigo Gabiria. Orioko XCONTEST saribanaketa 2025.11.16. PODIUMean ezkerretik eskubira Aner, Mattin eta Gabiria.
04 Argazkia: Iñigo Gabiria. Aizkorriren iparraldera hegan.
05 eta 06: Marta Soto. Orioko XCONTEST saribanaketa 2025.11.16.
09 Argazkia: Iñigo Gabiria.
02 + 07 + 08 Argazkia: Foku | Raul. Mattin Iñiguez Orozkon, Euskal Selekzioaren aurkezpenean.
10 Argazkia: Mattin Iñiguez 360.



