Aurretik Portugalen, Asturiasen, Austrian eta Frantzian lortutako podiumak errepikatzea espero du
Ecce Homo Sternberkena, Txekiar Errepublikan, Joseba Iraola pilotu bizkaitarraren Euskal Selekzioaren bosgarren proba da. Orain arte podiumak lortu ditu Portugalen (Falperrako arrapala), Asturiasen (Fitoko igoera), Austrian (Rechberg) eta Frantzian (Saint Jean du Gard- Col Saint Pierre). Balmasedakoak beste inork ez bezala egiten du distira bere klasean Europako Automobilismo Mendi Lasterketen Txapelketan.
“Beste podium bat lortzeko gogoz gaude. Iaz lehen lasterketan hirugarren bat egin genuen scratch-ean. Badakigu gure arerio nagusiaren herrialdean gaudela – Petr Trnka-, hemen bizi da. Ibilbidea oso polita da. Basoa da, errepide ez bereziki zabala eta oso azkarra. Etxe eta baso artean zoaz 250 eta 260 kilometro orduko abiaduran. Oso igoera berezia da. Goiko aldea zabala da. Abiadura handian goaz. Podiuma egiteko, iazko hiru segundo jaitsi behar direla uste dugu. Asko azkartu beharko dugu. Trnkak lasterketa irabaz dezake. Helburua beste podium bat da eta batzen jarraitzea. Oso ilusionatuta gaude, baina apur bat nekatuta nago hainbeste entrenamendu, prestaketa eta bidaiarekin. Ahalik eta sasoi fisiko onenarekin gaude, dio Iraolak.
Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Euskadiko Automobilismo Federazioak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, automobilismo talde hau babesten dute.
