Barakaldoko karateak Munduko Txapelketa bikaina burutu du, finalean 6-4 irabazita, eta euskal karatea munduko podiumaren gorenera eraman du.
Bilbo, 2026ko urriaren 19a. Izan Martín Peña 21 urtez azpiko karateko munduko txapeldun izendatu zen atzo, gizonezkoen -75 kg-ko kumite modalitatean, urriaren 14tik 18ra Poloniako Bielsko-Biała hirian jokatutako Kadete, Junior eta 21 urtez azpiko Munduko Txapelketan.
Barakaldoko kirolariak, Euskal Karate Federazioko kideak, maila handiko txapelketa osatu zuen munduko titulua eskuratu arte. Final handian Marokoko Haitam Oufkirri 6-4 irabazi zion, eta bere kategoriako munduko txapeldun bihurtu zen.
Urrea lortzeko bidean, Izanek bere sasoi bikaina erakutsi zuen. Finalerdian Turkiako Osman Burak Keles 9-1 menderatu zuen, eta finalerako txartela lortu zuen. Ondoren, azken borrokan, txapelketa bikaina munduko urrearekin borobildu zuen.
Emaitzaren garrantzia are handiagoa da txapelketaren maila kontuan hartuta. 114 herrialdetako 2.000 karateka baino gehiago bildu ziren Bielsko-Białan, bost egunez munduko gazte mailako karatearen hitzordu nagusietako batean.
Munduko titulua Izan Martínek nazioartean egiten ari den denboraldi bikainaren beste urrats handi bat da. Aste batzuk lehenago, Salzburgoko Karate 1-Series A txapelketan brontzezko domina eskuratu zuen, senior mailako -75 kg-ko kategorian, nazioarteko karateka onenetako batzuen aurka lehiatuz.
Euskal Karate Federaziotik, lehenik eta behin, Izanen lana, ahalegina, konstantzia eta konpromiso pertsonala nabarmendu nahi ditugu. Munduko titulu baten atzean entrenamendu ordu ugari, sakrifizioa eta une erabakigarrietan mailarik gorenean lehiatzeko gaitasuna daude.
Federazioak zorionak eman nahi dizkie, halaber, bere gurasoei, entrenatzaileari, klubari eta bere prestakuntzan eta kirol bilakaeran lagundu duten teknikariei, baita ibilbide honetan zehar alboan izan dituen pertsona guztiei ere.
Izan Martínen urrea emaitza historiko eta garrantzitsua da euskal karatearentzat, gure kirolariek nazioarteko mailan izaten ari diren bilakaera berresten du eta epe luzeko lanarekin jarraitzeko beste bultzada bat ematen digu.
Zorionak, Izan. Munduko txapelduna!




