Imanol Rojo historia egiten ari da gure herrialdeko iraupen eskian. Badirudi eskiatzaile tolosarrak ez duela mugarik denboraldi honetan, marka eta itxaropen guztiak gainditzen ari baita. Asteburu honetan lehen 20 eskiatzaileen artean sartu da Munduko Txapelketa batean, orain arte egin ez duena. Hain zuzen ere, 19. postuan amaitu du Oberstdorfen (Alemania) jokatu den Munduko Txapelketako 15 kilometro estilo klasikoko eta 15 kilometro estilo libreko eskiathoiaren proba. 5, 9.7, 15, 20 eta 26.3 kilometroetako partzialek erakusten duten bezala, Imanolek hobera egin du lasterketan zehar.

Proba amaitzean berak baieztatu dio Basque Team Fundazioari emaitzarekin oso pozik dagoela. Estilo klasikoko tartean oso ondo sentitu da eta eskiek hegan egin dute. Probaren bigarren zatian top 10era iristetik gertu egon da gainera. Azkenean, ordu bat, 14 minutu eta 23 segundoko lan gogorraren ostean, Alexander Bolshunov garailearengandik 2: 49.6ra helmugaratu da gipuzkoarra.