Higinio Rivero pozarren dago azken urteetan izan duen bilakaerarekin; Szegedeko Munduko Kopan VL2-200 metroko proban lortutako brontzezko dominak hala erakusten du. Bizkaitarrak Munduko Koparen bat eta Europako txapelketaren bat irabazi ditu orain arte, baina maratoian, ez proba olinpiko batean. VL2koa, gainera, udan Tokioko Joko Paralinpikoetan jokatu beharko duena da. Higiniok laugarren bukatu zuen sailkapen txandan, Fernando Rufino de Paulo brasildarraren, Norberto Mourao portugaldarraren eta Steven Haxton estatubatuarraren atzetik.

Lehen hirurak zuzenean pasatzen ziren finalera. Higiniok, beraz, dena eman behar izan zuen azken unean erabaki zen finalerdian. Ylya Taupianets bielorrusiarrak lehen postuan igaro zuen helmuga, Robert Suba hungariarra (+0.12) eta Higinio Rivero (+0.24) atzetik zituela. ‘Higi’k finalean inoiz ez bezala paleatu du podiumeko hirugarren tokira igotzeko, Rufino de Paulo eta Mouraorekin batera.

“Oso pozik nago egindako lanarekin. Oso gutxigatik sartu nintzen finalean. Baina pixkanaka aurreko postuetara hurbiltzen ari gara”, adierazi du Higiniok.