Euskal pilotako euskal selekzioak ofizialki egingo du debuta Euskadin lehen aldiz jokatuko den Nazioen Ligan. Txapelketa ekainaren 1tik 6ra bitartean ospatuko da Gernikako Jai Alai frontoian. Pasa den abenduan Nazioarteko Federazioak Euskal federazioa kide ofizialtzat onartu ostean emango da Euskal Selekzioaren debuta.

Datorren ekainaren 1ean euskal pilotak mugarri historiko bat biziko du. Euskal Selekzioa nazioartean lehiatuko da, lehen aldiz, ofizialki, eta Euskadin lehen aldiz antolatuko den Nazioen Ligan egingo du, datorren ekainaren 1rtik 6ra, Gernikako Jai Alai frontoian.

Xavier Cazaubonek, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidenteak, emozioa adierazi du, “FIPV Euskadira itzuliko delako, Gernikako pilotalekura, 34 urte geroago”. Era berean, nazioarteko ekitaldi hau antolatzeko euskal erakundeekin eta euskal federazioarekin batera egindako elkarlana nabarmendu du.

Joxe Mari Mitxelenak, Euskal Pilota Federazioko presidenteak, nabarmendu du Nazioen Liga sinbolismoz beteta dagoela: “Gure espezialitaterik nazioartekoenean emango da Euskal Selekzioaren debuta: zesta puntaz. Era berean, Busturialdearen bihotzean kokatuta dagoen pilotaleku ederra izan zen modalitateak gaur egun bizi duen loraldiaren epizentroa eta Pilotako Euskal Selekzioa ere Gernikan sortu zen. Olatu eder eta sendo horretara igotzeko prest gaude”.

Lehiaketaren zehaztasunak

Euskal Selekzioak ez ezik, nazioarteko beste bost taldek ere hartuko dute parte Euskadin ospatuko den Nazioen Liga honetan: Frantzia, Espainia, Filipinak, Estatu Batuak eta Mexiko. Punta-puntako taldeak dira hauek, gaur egun, kirol honetan. Bertako kirolarientzat eta Bizkaiko eta Euskadiko ikusleentzat pilota gure erkidegoan errotuta dagoela erakusteko aukera paregabea da hauxe.

Lehiaketa ekainaren 1ean hasiko da, igandean, ligaxka partidekin. Ekainaren 5ean final erdiak jokatuko dira eta, ekainaren 6an, final handia. Gizonezkoen ligaxkan bi multzotan banatu dira taldeak: A multzoan España, Mexiko eta Estatu Batuak; B multzoan, Frantzia, Euskadi eta Filipinak. Emakumezkoen ligaxkan multzo bakarra izango da, lau talderekin: Euskadi, Filipinak, Frantzia eta Mexiko.

Lehiaketako tanteoa 15/15 eta berdinketa apurtzeko 10 tantura jokatuko da. Bi txapelketetan kanporaketa oso orekatuak espero dira eta ez dago garaipena lortzeko faborito argirik.

Euskal Selekzioko emakumezkoen eta gizonezkoen debuta ekainaren 2an izango da, 21:15ean eta 22:15ean, hurrenez hurren, Frantziaren aurka. Antolakuntzatik dei egiten zaie zale guztiei gure selekzioa animatzeko, ikurrinarekin  kanporaketetara joan daitezen.