Euskal selekzioak bigarren postua lortu du dominen sailkapenean, lizentzia gehiago dituzten federazioak gaindituz

Euskal Karate Federazioak asteburu honetan emaitza historikoa lortu du Pontevedra-n jokatutako Espainiako Karate Txapelketa Absolutuan, dominen sailkapenean bigarren postua eskuratuta, Valentziaren atzetik bakarrik.

Emaitza hau bereziki esanguratsua da, kontuan hartuta Madril, Katalunia edo Andaluzia bezalako federazioek lizentzia kopuru askoz handiagoa dutela —hamar aldiz handiagoa kasu batzuetan—, eta hala ere, Euskal selekzioak emaitza hobeak lortu dituela.

Banakako lehiaketan, euskal karateak hiru Espainiako txapeldun absolutu lortu ditu kumitean:

• Mireia Vizuete, emakumezkoen kumite -60 kg-ko urrea
• Alex Ortiz de Zárate, gizonezkoen kumite -67 kg-ko urrea
• Izan Martín, gizonezkoen kumite -75 kg-ko urrea

Horrez gain, gizonezkoen kumite taldeak txapelketa bikaina egin zuen eta Espainiako txapeldunorde izan zen.

Emaitza hauek azken urteetan Federazioak, teknikariek eta klubek elkarlanean egindako lanaren emaitza dira, plangintza bateratu eta kirol garapenaren aldeko apustu sendo baten ondorioz.

Federaziotik azpimarratu da lorpen honek euskal karatearen sendotzea erakusten duela estatu mailako elitean, kirolarien, teknikarien eta kluben konpromisoari esker.