
Basque Team Fundazioak eta Euskal Herriko Surf Federazioak 2017an abian jarritako bikaintasun-proiektuak sendotasun, proiekzio eta berrikuntza-gaitasun nabarmenak ditu. Basque Teamek, bere bekadunen artean, Aritz Aranburu, Nadia Erostarbe, Garazi Sanchez edo Andy Criere bezalako goi mailako surflariak ditu, baina surfa programa olinpikoan sartzearekin batera, Fundazioak Euskal Herriko Federazioarekin, epe ertain eta luzera asmo handiak dituen bikaintasun-proiektu bat sortzeko beharra ikusi zuen, hurrengo hitzordu olinpikoetan lehiatzeko edo WCT munduko zirkuitu gorenera iristeko aukerak ere izan ditzaketen beste surflari batzuen talentua indartzeko.
“Surflari onak izateaz gain, surfa gure herriarekin oso lotuta dagoen kirola dela uste dugu, kirol gaztea eta erakargarria, ingurune naturalean, eta Basque Teamentzat bikaintasun proiektu estrategikoa dela uste dugu”, nabarmendu du Olatz Legarza Fundazioko koordinatzaileak. Basque Teametik azpimarratzen da surfa Euskadirekin oso lotuta dagoen kirola dela, gure herria ordezkatu duela Europa eta Mundu mailako txapelketa eta zirkuitu gorenetan eta estatu mailan aitzindaria den federazioa dugula.
Tradizioaz gain, Euskadin surfak kirol maila oso altua du, Miyazakin jokatutako azken Munduko txapelketako datuek erakusten dutenez: estatuko selekzioak eraman zituen sei kirolarietatik lau euskaldunak izan ziren. Basque Teameko bikaintasun proiektua gaur egun bost surflarik osatzen dute: euren kirol emaitzengatik Basque Teamen beka duten Leticia Canalesek eta Ariane Ochoak, eta Ruben Vitoriak, Janire Gonzalez Etxabarrik eta Bitor Garitaonandiak.