
Iñigo Martinez de Albornoz donostiarra, euskal mendiko eskiatzailea, podiumaren atarian geratu da Munduko Txapelketan, baina denboraldi aparta egiten ari da. Nazioartean kontuan hartu beharreko izenetako bat da.
Nola doaz denboraldi hau eta Munduko Kopak?
“Behetik gora egin dut. Denboraldi bakoitzean gertatzen zait, denboraldi erdian hazten naiz beti. Lehenengoetan, Munduko Kopak, egia da akats tekniko asko izan nituela, ez nituela kanporaketan gainditzen, eta, egia esan, denboraldi honetan dezente ikasi dut. Lasterketa bakoitzean irakasgairen bat eramaten nuen etxera hurrengo Munduko Kopan hobetzeko, batez ere gauza teknikoak, trantsizio-kontuak. Egia da, baita ere, Munduko Txapelketaren aurreko azken Munduko Kopan fisikoki oso ondo sentitu nintzela, eta horregatik gogoz iritsi nintzela hitzordura”.
Bere modalitatea goraka doa.
“Orain modalitatea olinpiko bihurtu da eta dezente hazten ari da. Munduko Txapelketa honetan, esaterako, lehen dominak lortzetik oso urrun zeuden Txina eta Estatu Batuak etorri dira, eta dominak lortu dituzte. Herrialdeak mugitzen ari dira eta hori da guk ere daukagun ideia. Federazioarekin kontzentrazioak sarriago egiten ditugu, eta datozen urteei begira, arlo horretan profesionalizatzen ari gara” adierazi du Basque Teameko kirolariak.
Bere helburua argia da, 2026an Milan-Cortina d’Ampezzo Neguko Jokoak.
“Pila bat geratzen da. Ez dakigu nola sailkatuko garen hitzordu honetarako, baina uda honetan zerbait esango dutela uste dut. Argi dago gustura egongo nintzatekeela bertan. Epe luzerako helburua dut, zalantzarik gabe. Garai onean iritsi naizela uste dut, eta espero dut hor egotea eta dominak lortzeko borrokatzea”.