
Iñigo Llopis Basque Teameko igerilaria, dagoeneko Tokioko jokoetarako sailkatuta dagoena, Europako txapelketako podiumera igo da inaugurazio jardunaldian. Gipuzkoarrak brontze bat zintzilikatu du S8 kategoriako estilo libreko 400 metrokoan. Bere proba gogokoena ez izan arren, gazte donostiarrak sasoi onean dagoela baieztatu du. 300 metroetatik igaro ostean, hirugarren postuan kokatu da eta horri eusten jakin du. 4:47.02ko denbora egin du, Andrei Nikolaev errusiarraren eta Alberto Amodeo italiarraren atzetik.
Minutu batzuk geroago, Basque Teamek eta Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioak abian jarritako bikaintasun-proiektuko kide den Nahia Zudairek bere maila erakutsi du igerilekuan, S8ko estilo libreko 400 metrokoan zilarra bereganatzeko. Bere lehen domina kontinentala da.