300 kirolari baino gehiago, kontinente guztietako 25 herrialde, hogei bat euskal kirol-federazio engaiaturik, eta lehiaketa ofizialak, lagunarteko lehiak eta 20 kirol desberdinen erakustaldiak, horra hor euskal kirol-selekzioen 2022ko nazioarteko jarduera laburbiltzen duten zifrak. Datuok ostegun arratsalde honetan eman dira jakitera, Itsasmuseumeko auditorioan egindako ekitaldian, euskal gizartea osatzen duten esparru guztietako ordezkarien aurrean.

Euskal selekzioak sustatzen eta bultzatzen dituen Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) antolatutako ekitaldi honen buru honako hauek izan dira: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Gorka Urtaran, Eudeleko presidentea eta Gasteizko alkatea, Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroletako zinegotzia, eta Angel Gurrutxaga eta Leire Gerenabarrena, EKFBko presidentea eta gerentea, hurrenez hurren. Ekitaldiak agerian utzi du instituzioen artean dagoen lankidetza aparta, Euskadik nazioarteko kirol-arloan modu eraginkorrean parte har dezan sustatzeko, eta munduari erakusteko euskal kirolarien bikaintasuna, lehen mailako ekitaldiak antolatzeko gaitasuna, lehiakortasun-maila handia eta federazioen ospea euskal kirol-selekzioen bidez.

Bloke instituzionalerako sortutako mahai-inguruan, euskal kirol- selekzioen aldeko apustua erabatekoa dela azpimarratu da, eta aipatu da Eusko Jaurlaritzaren, EKFBren, tokiko instituzioen eta euskal federazio eta kluben arteko aliantza funtsezkoa dela euskal kirola ahalduntzeko eta sustatzeko, Euskal Herrian erdiguneko tokian egon dadin, oraingo eta etorkizuneko proiektuekin, nazioarteko kirol- erreferentzia izateko.

Adostasun handiz lanean ari diren instituzio horiekin batera, euskal kirol-federazioak izan dira ekitaldiaren protagonista. Beren ordezkari betearazle eta kirolarien bidez, mahai-inguruetan aditzera eman dute 2022an beren selekzioekin izan duten kirol-jarduera bizia, Euskadi nazioartean bultzatu eta ordezkatu ahal izateak egiten dien ilusioa eta haientzat den harrotasun izugarria; eta zertzelada batzuk eman dituzte 2023an egin nahi duten jardueraz, itxuraz urte hori euskal kirol- selekzioen historiako urterik aktiboena izango baita.

Baina zer izango lirateke euskal selekzioak euskal gizarterik gabe, oro har? Hala, bada, euskal gizarteak “Herritarrok” izeneko mahaian izan du ordezkaritza, honako kide hauekin: Iñigo Vicens aurkezlea, Ane Muruamendiaraz kirol-kazetaria, Maria Iraragorri —Athleticeko lehen aurrelari mitikoetako bat eta Gerra Zibileko urteetan mundua miretsi zuen Euskadiko selekzioko kide izan zen Jose Iraragorriren alaba— eta Beñat Zarrabeitia. Euskal selekzioei lotuta izandako beren esperientziekin erakutsi dute gure nazioarteko kirol-ordezkaritzaren sugarrari bizirik eusteak indartsuago egiten gaituela gizarte bezala.

Galdakaoko Jon Gómez Garai aurkezle aldakorrak gidatu du ekitaldia, eta, mahai-inguruetako dinamismoaz gain, honakoak izan dira ikusgai: Karate eta Gimnasiako eta Sokatirako euskal selekzioen erakustaldiak, Mendi Lasterketetako “Euskal Selekzioa” taldearen barketaren erakusketa, Kayak Surfeko Euskal Selekzioaren piragua, Motonautikako Euskal Selekzioaren motoak. Xabi Solanoren trikitiak girotu du ekitaldia, eta euskal selekzioak jantziz hornitzen dituen Umbro markako janzkera ofizialaren erakusketa izan da, EKFB euskal selekzioekin egiten ari den marka bateratuaren kudeaketaren adibide argi gisa.

Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Más información
Privacidad