Hotzaren ondorioz arriskuak eragozteko, EMFaren Segurtasun Batzordeak eta Mediku Aholkularitzak, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatearen eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren (LAEMZ) laguntzarekin, honako gomendioak eskaintzen dizkizuegu:

Ziurtatu osasun-egoera eta sasoi fisiko egokian zaudela. Bihotzeko, odoleko edo arnasketako arazoren bat bazenuen, edo aurreko egun horietan ondo ez bazeunden, hobe da beste egun baterako uztea. Hotz handiak asko eskatzen die organismoari eta mendiari gozatzera joan behar dugu, ez sufritzera edo gaixotzera. Hiruzpalau arropa geruza eraman. Barrualdea, ahal dela izerdia ez atxikitzeko, baizik eta kanpora ateratzeko ehun sintetikoak. Hurrengoa, forro polar bat edo artilezko jertse on bat izan daiteke, eta, kanpotik, zira bat, horretarako forratua bada hobe. Ez ahaztu eskularruak, txanoa eta eguzkitako betaurrekoak. Elurrak argi asko islatzen du eta begietan eragina izan dezake.

Igo bitartean, erantzi arroparen zati bat edo ireki kremailerak esfortzuarekin izerdirik ez botatzeko. Bestela, jantziak hezetu egingo dira eta isolatzeko gaitasunaren zati bat galduko dute. Beraz, hoztu egingo zara goian geratzean. Ondo gosaldu, ondo bazkaldu eta edan, hotzak kaloria gehiago gastarazten dizkigulako eta arnasaren bidez likido asko lapurtzen digulako, lurrun-hodeitxoen eran. Salda gutxi gaziak edo te leunak eta pixka bat azukretuak ondo hidratatu gaitzakete eta bero atsegina eman termo batean eramaten baditugu. Oinetakoak eta galtzerdiak ondo aukeratu. Hobe botak badauzkazu eta ura eta elurra ondo jasaten badituzte. Babes dezatela, baina ez diezazutela oinak estutu, zirkulazio txarragoa izango duzulako eta hotza pasatuko duzulako. Eta, garrantzitsuena: zentzuz ibili eta zure gorputzari entzun

Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Más información
Privacidad