Euskal kirola nazioartekotzeko prozesua bultzatu nahi duen “Basque Sport” ekimenaren barruan, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriagak Itsasmuseum Bilbaon parte hartu du gaur goizean. Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) antolatu du ekitaldia, eta haren helburua izan da jakitera ematea zazpi euskal kirolfederaziok eskaera formala egin dutela dagozkien nazioarteko federazioetan ofizialki sartzeko. Euskadiko Igeriketa, Piraguismo, Squash, Esgrima, Mahai-tenis, Xake eta Automobilismoko federazioak dira.

Izaro Iraeta komunikatzaileak gidatutako ekitaldian, hurrenez hurren, EKFBko presidente eta gerente diren Angel Gurrutxagak eta Leire Gerenabarrenak parte hartu dute, eta zazpi euskal kirol-federazioetako ordezkariak ere bertan izan dira. Iturriagak aurreratu duenez, “zazpi ofizialtasun-eskaera berriak bide luze baten hasiera besterik ez dira, eta euskal gizartearen zati handi baten eskaerari erantzuten diete, nazioarteko kontzertuan kirol-praktikarekin ordezkaritza izateko duen borondateari”.

Izan ere, duela zenbait urte hasitako prozesua da, eta, eskaera egin duten zazpi euskal federazio berri hauez gain, aurretik Mendi, Surf, Halterofilia, Boxeo, Herri-kirol, Pilota edo Futboleko federazioek egin zuten, eta Kayak Surf diziplinak ere bai, Euskadik ia bi hamarkada baitaramatza horretan ofizialki lehiatzen. EKFBko presidente Angel Gurrutxagak zehaztu zuen “Kirolaren Euskal Legeak jasotzen duenez, EKFBk babesa eta bultzada eman behar dituela euskal kirol-selekzioak sortu eta gara daitezen, bereziki gure selekzioek Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan parte har dezaten”, eta “horixe ari gara egiten, Espainiako Legea betetzen”.

“Basque Sport ona da euskal kirolarentzat, bai eta gure kirolarientzat ere; izan ere, urrats hori lortuz gero, gehienek aukera izango dute nazioarteko kirol-esperientziak izateko, Estatuko modalitateetan lehia handia baitago”, nabarmendu zuen EKFBko gerente Leire Gerenabarrenak.

Ofizialtasuna eskatzen duten euskal kirol-federazioen ordezkariek eskertu egin nahi izan zuten bai Eusko Jaurlaritzak bai UFDV-EKFBk prozesu horretan emandako laguntza, eta baikor agertu ziren hasitako etapa berriarekin. Bestalde, nabarmendu nahi izan zuten orain federazioetako zuzendariek aukera izango dutela beren kiroletako nazioarteko federazioetan eragiteko, baldin eta integrazio-eskaerak onartzen badira.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariaren ustez, euskal kirol-federazioen ofizialtasuneskaera horiek “ez doaz inoren aurka, gure kirolaren eta gure kirolarien alde baizik”. Bestalde, nabarmendu zuen “gure kirolaren nazioartekotze-prozesua abian zela dagoeneko”, eta “Eusko Jaurlaritzak bide horretan lagunduko die gure federazioei”, amaitu zuen.

Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Más información
Privacidad