Olatz Arrizabalaga eta Andrea Capellan emakumeen esku pilotaren historian sartu dira euren izenak izango baitira arrakasta osoz estreinatu den Hiru Hiriburuak torneoko palmaresean idatziko diren lehenak, Atano III.ean jokatutako finalean Aldai-Mendizabali 22-15 irabazi ostean. Kirol honetako finalik gogoratuenetako asko Donostiako pilotaleku mitiko honetan jokatutakoak izan dira eta Amara auzoko frontoi honek bere garairik distiratsuenak gogoratu ditu gaur eguerdian bertaratu diren 1400 zaleek –garai onenetako gizonezkoen final handietan adina ia– jarritako giro bero eta alaiarekin.

Bitxikeria gisa, pilota mistoko eliteen finalean pilotaleku horretan Binakako txapela Ruben Belokirekin jantzi zuten bi pilotari, Miguel Capellan eta Juantxo Koka, izan dituzte botillero eta aitak 96an lortutako balentriari jarraipena eman dio errioxarrak. Hirugarren posturako lehian, Barrokal-Gamindek 18-10 irabazi diete Etxegarai-Oses oñatiarrei.

Eta azkeneko finaletan gertatutakoaren aurka, kantxan barruan lau pilotariek harmailetan egon den giro bikain horri jokoarekin erantzun diete, final betea ikusi baitugu kantxan. Egia da lehen pilotakadatik irabazleek beste sendotasun bat erakutsi dutela euren jokoan eta eurena izan dela markagailuaren kontrola une oro, baina, batez ere partidaren erdi aldera, lehia oso orekatu eta ikusgarria ikusi dugu, batez ere bi aurrelariek erakutsitako joko bizi eta oldarkorrarekin. Baina, gernikarra nagusitu da eta, bikotearen zama bere bizkar gainean hartuta, Olatz Arrizabalaga izan da finaleko pilotaririk onena. Udan izandako eskuetako arazoak erabat ahaztuta, ausart eta eraginkor ekin dio partidari bizkaitarrak, pilota abiadura bizian mugitu eta aurkariak euren lekutik ateraz.

Gauzak horrela, 6-2 aurreratu dira San Mateotako irabazleak, baina Amaia Aldai jokoan sartu eta partida orekatzea lortu dute, markagailua zortzian berdinduta. Eskuan eramandako kolpe baten erruz jokatzeko zalantzetan izan zen Dimakoa, baina jokatzeko moduan izan da eta, aukeran akats gehiegi pilatu baditu ere, gauza ikusgarriak utzi dizkigu. Esaterako, atzo bere azken partida jokatu zuen Oinatz Bengoetxearen gisan, txokotik ateratako pare bat sake ere, emakumeen esku pilota azken urteetan izaten ari den garapenaren erakusgarri.

Hala ere, Arrizabalaga eta Capellan askoz zehatzago aritu dira Atano III.ean bildu den jendetzaren aurrean eta merezitako garaipena eskuratu dute. Dena dela, halako plaza garrantzitsuak halako arrakastarekin bereganatuta, eguneko garailerik handiena emakumeen esku pilota izan dela esan genezake.

Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Más información
Privacidad