Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB), Fit Learning hezkuntza-soluzioen enpresarekin elkarlanean, online prestakuntza-plataforma berri bat martxan jarriko du hilabete honetan. Plataforma hau doakoa izango da Euskadiko kirol federazio guztientzat.

Tresna berri honek aukera emango die federazioei beren online prestakuntza-eskaintza sortzeko, kudeatzeko eta pertsonalizatzeko, guztiz modu autonomoan eta inolako kosturik gabe. Ekimenaren helburua da euskal kirol arloko prestakuntza teknikoa modernizatzea, ikaskuntza-eredu irisgarriago, malguago eta eraginkorrago baten alde eginez.

“Plataforma honek aurrerapauso garrantzitsua dakar euskal kirol prestakuntzaren digitalizazioan. Gure federazioei tresna moderno eta eraginkorrak eskaini nahi dizkiegu, euren jarduera prestakuntzailea hazteko, berritzeko eta profesionalizatzeko”, adierazi dute EKFBko zuzendaritzatik.

Kirol ekosistemarentzako neurrira egindako soluzioa

Smartmobile LMS oinarri teknologikoan garatutako plataformak aukera ematen die federazioei:

• Beren beharretara egokitutako ikastaro propioak diseinatzeko.

• Edukiak formatu anitzetan integratzeko (PDFak, bideoak, testak, atazak, inkestak…).

• Ikasleen aurrerapena xehetasunez jarraitzeko.

• Ziurtagiri ofizialak automatikoki igortzeko.

Horrez gain, parte-hartzaileekin zuzenean komunikatzeko tresnak eta ekintza formatiboen kalitatea eta inpaktua neurtzeko txostenen sorkuntza ere eskaintzen ditu.

EKFB Eskola: 1.500 ikasle baino gehiago eta 30.000 ikastordu

Tresna berri hau EKFB Eskolaren prestakuntza digitaleko ekosistemaren parte izango da, EKFBk sustatutako online eskola. Azken hiru urteetan, 1.500 pertsona baino gehiago trebatu dira, Eskola Kirolaren Laguntzaile Monitor izateko programetan (MADE), eta kirol diziplina ezberdinetako bloke komunak zein espezifikoetan, guztira 30.000 ikastordu baino gehiago pilatuz eta ikasleen batez besteko 8,03ko balorazioa jasoz (10etik). Proiektu honek indartu egiten du EKFBren konpromisoa euskal kirolaren profesionalizazioarekin, kalitatezko edukiak eskuragarri jarriz eta entrenatzaile, epaile, arbitro eta teknikariak garatzen lagunduz.

Informazio gehiago

Plataformara sartu nahi duten federazioek informazioa eskatu edo izena eman dezakete helbide honetara idatziz: [email protected]