Asteburu honetan amaitu da gizonezkoen waterpoloko 1go mailako liga erregularra. Claret Askartzak (Leioa, Bizkaia) hirugarren postu on bat lortu du. Lehen lau sailkatuek igoera promozio bat jokatuko dute finalerdi eta final formatuarekin, Espainiako waterpoloaren urrezko kategorian nor ibiliko den erabakiko duena.
Horrela, klaretarrek, bigarren urtez jarraian igotzeko borrokan sartzea lortu dute. Gainera, oraingo honetan, Kataluniatik kanpoko talde bakarra izango da. CN Sant Feliu, CN Premià eta UE Horta taldeek osatzen dute taula, sailkapen-ordenaren arabera.
Talde leioaztarra emaitza onekin heldu da denboraldiaren azken txanpara. Gizonezkoen arrakastari emakumezkoen taldeak lortutakoa gehitu behar zaio. Maiatzean emakumezkoen lehen maila nazionalera igotzeko fasea ere jokatuko du, Euskal Herriko Liga erregularreko txapeldun izendatu ondoren.
