Mendi lasterketetako Euskal Selekzioa garaile gizonetan eta hirugarren emakumeetan


Igandean ospatu zen Cercedillan (Madril), 2016ko mendi lasterketetako Espainiako txapelketa. Zerrendan, betiko izen asko, tartean Hassan Ait Chaou, Aitziber Ibarbia, Iban Letamendi, Maria Zorroza, Aritz Egea, Imanol Goñi edo Elena Calvillo. Berriak ere ugari, Iker Oliveri, Laida Elizegi, Julen Martinez de Estibariz, Ainhoa Lendinez eta Joseba Larralde. Hitzordua ez zen txantxetako kontua, 44 kilometroko luzeera eta 2650 metroko desnibel positiboa. Eguraldia ere ez zuten lagun izan, eguerdian, 28 gradu ziren helmugan.

EGEA ETA AIT CHAOU, PROTAGONISTA

Lasterketa hasi orduko Ait Chaou eta Egea buruan jarri ziren. 35. kilometrorarte. Erakustaldia eman zuten, lasterketaren azken laurdenerarte. Azken jeitsieran ordea, lehenik Manuel Merillasek eta ondoren Jessed Hernandezek aurrea hartu zien euskal selekzioko lasterkariei. Azken unean, Hassan Ait Chaouk, hirugarren postuari ere agur esan behar izan zion. Bakarka ez, baina taldeka, berriz ere garaile suertatu ziren sailkapen orokorrean. Ait Chaou, Goñi, Egea eta Martinez de Estibarizen postuekin, podiumaren goi-goian amaitzeko aukera izan zuten. Azken urteetan lortutako garaipenek ez dute geldialdirik izan aurtengoan. Ez zen sari bakarra izan gizonezkoetan. Beteranoen mailan, Iker Oliveri hondarribiarrak bigarren postu bikain bat lortu zuen.

EMAKUMEETAN ERE MAILA HANDIA

Garaipena zaila zegoen. Taldekako garaipenean ordea, aukerak zabalagoak ziren. Taldea ere nahiko berria zen, beteranoak eta estreineko aldiz arituko zirenen arteko indarrak hirugarren postuan amaitzera eraman zituen euskal selekzioko taldekideak. Aurretik, bi talde besterik ez, kataluniarrak eta andaluziarrak. Atzetik, beste guztiak. Aitziber Ibarbia eta maria Zorroza izan ziren lehen euskaldunak helmugan, 8. eta 10. postuetan iritsi ziren. Hauetaz gain, Lendinezek eta Calvillok pilatutako puntuekin, podiumeko hirugarren tokia erdietsi zuten.

GAZTEAK ERE BIKAIN

Maila bikainean ibili ziren hauek ere. Irati Zubizarretak, lehen postuan amaitu zuen jubenil mailan. Etorkizuna bere eskuetan du goierritarrak, eta beste behin bere nagusitasuna agerian utzi zuen. Maila berean, Aitor Ajuriak 4. Postuan amaitu zuen. Kadeteen kategorian, ibilbidean galdu ondoren, jokoz kanpo utzi zuten, Aitor Insausti. Helmugan, pozik agertu zen Eneko Aliende euskal selekzioko hautatzailea, " beti talde giroan korrika egiten bada ere, txapelketan talde bezala korrika egiten den proba bakarra da. Oso berezia da, korrikalariek oso gustoko dute, eta bakarkako emaitzak garrantzitsuak badira ere, taldekako sailkapenari begira egoten gara denok. Bertako giroa espeziala izaten da, eta podiumeko argazkiak begiratu besterik ez daude. Gazteak ere, lehen aldiz aritu dira eta lan bikaina egin dute. Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin".

0 Iruzkin

Ez dago iruzkinik

Idatzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top