Iruñea-Bilbo I. zeharkaldia irailaren 21ean, 168 kilometroko ibilbidearekin


Iruñea-Bilbo I. Zeharkaldia antolatu dute Nafarroa Kirol Elkarteak eta Club Deportivo Bilbaok. Irailaren 21ean hasiko da, 07:00etan, biharamunean iristeko Bilbora. Kirol proba honen zale batzuen arteko postura moduan hasi zena errealitate bihurtu da orain. Distantzia luzeak gustuko dituzten lasterkariek 168 kilometro eta 6.000 metro positiboko desnibela duen zeharkaldiari egin beharko diote aurre.

Nafarroa Kirol Elkarteak eta Club Deportivo Bilbaok Iruñetik Bilbora basobidez heltzeko aukera eskaintzen dute. Ibilbidea 24-30 ordutan bete nahi da, autosufizientzian, nahiz eta parte-hartzaile bakoitzak bere laguntza-taldea eroan ahal izango duen, ibilbideko puntu batzuetan lagundu diezaioten. Urbasa, Andia eta Urkilla mendilerroak egingo dituzte aurrena eta, Gorbeia mendia inguratu ostean, Bilboko sarrerara ailegatuko dira. "Ibilbide sano polita da eta erronka handia. Sasoi onean egonda egin daiteke Iruñea-Bilbo zeharkaldia. Aldapa luze-leunak ditu ibilbideak eta uste dugu igoerak eta jaitsierak neurrikoak direla. 30 bat ordu iraun dezake probak" adierazi du zeharkaldi berri eta erakargarri honen antolatzaileetakoa den Jorge Urkizuk. Nahitaezko lehenengo geraldia Urbasan (53. kilometroa) egingo dute. Antolatzaileek kontrol ofiziala jarriko dute han, parte-hartzaileak arnasberritzeko. Ondoren, Legutiorantz joko dute (bigarren kontrola. 115. kilometroa) eta handik helmugarantz, Bilborantz. "Bidexka politak eta igoera leunak bilatzen saiatu gara. Gainera, gauez egingo den tartean, Legutiotik Bilborakoan, bideak ondo ikusteko eta aise ibiltzeko modukoak dira, inor gal ez dadin" dio Urkizuk.

Hasita dago izena emateko epea

Lehiaketa mailakoa ez den eta aurrerantzean erreferentzia izan nahi duen proba honetan izena emateko epea hasita dago blog honetan: plamplonabilbao.blogspot.com edota web orri honetan: www.cdnavarra.com. Parte-hartzaileak kronometratu eta jarraipena egingo zaie, euren nondik norakoa kontrolatzeko ibilbidean zehar, "eta autosufizientzian betetzeko. Parte-hartzaileek derrigorrezko materiala eta janari-edarien kita eroan beharko dituzte" antolatzaileek diotenez. Lasterkari bakoitzak lekuko bat eroango du (egurrezko zurtoina, Nafarroa Kirol Elkartearen eta Club Deportivo Bilbaoren logotipoekin). Lekuko hori eta lasterkariaren track-a Club Deportivo Bilbaoren egoitzan utzikoa da, hain amaitzen baita ibilbidea. Amaieran, lekukoan lasterkariaren inizialak eta urtea markatuko dira. Club Deportivo Bilbaoren egoitzan gorde eta pizgarri izango dira hurrengo urtean lasterkari berak, edo beste batek, bueltan eroateko 2014ko Bilbo-Iruñea zeharkaldian. Ez da sailkapenik, ez posturik, ez denborarik egongo. Zeharkaldiaren blogean aterako da nortzuk egin duten ibilbidea osorik eta nortzuk zati bat. Garrantzi handiagoa ematen zaio parte-hartzaileek euren esperientzia azaltzeari, egin duten denborari baino.

Mendiko lasterketa honen 2013ko edizioa Iruñetik irtengo da, baina urte bikoitietan alderantziz. Hortaz, 2014an Bilbo-Iruñea izango da.

Ibilbidea: http://pamplonabilbao.blogspot.com.es/p/recorrido.html

0 Iruzkin

Ez dago iruzkinik

Idatzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top