0

Urregorria Maialen Chourrautentzat

12/08/2016 Kanoe

Maialen Chourrautek urrezko domina eskuratu du  K1 slalom piraguismoan, jaitsiera ikusgarria egin ondoren. BASQUE TEAMeko piraguistak aurreikuspen guztiak bete ditu, Londresko 2012ko Jokoetan egin zuen jardun apartaren eta geroko bilakaeraren ondoren, orduko hitzordu olinpiko hartan brontzezko domina irabazi baitzuen.

Horrenbestez, Maialenek urrezko domina irabazi duten euskal kirolari olinpikoen zerrendan sartu da: Jose de Amezola pilotaria 1900an; David Billabona eta Mikel Lasa futbolariak eta Silvia Manrique, Teresa Motos, Maider Telleria eta Nagore Gabellanes belar-hockeyko jokalariak, 1992an; gimnasia erritmikoan Estibaliz Martínez, Lorena Guréndez eta Tania Lamarca 1996an; eta Iker Martínez eta Xabi Fernández estropadalariak 2004an. Sei urre, palista gipuzkoarraren domina barne hartuta, 7 zilar eta 9 brontze, baita hainbat diploma ere, euskal kirolariek olinpismo modernoan izandako parte-hartze emankorraren palmaresean.

Lasarteko palistak bi jaitsiera ikusgarri egin ditu gaur arratsaldean, Deodoroko Whitewater Stadiumeko ur bizien kanalean antolatutako finalaurrekoetan eta finalean, Brasilen jokatzen ari diren Olinpiar Jokoen barruan. Finalaurrekoan 101,83ko denboraz hirugarren postua lortu ondoren, Maialen Chourrautek bere denbora hobetu eta 98,65 egin du finalean, parean zituen aurkariei aurrea hartuz: Zeelanda Berriko Luuka Jonesek zilarra lortu du 101,82ko denboraz, eta Jessica Foz australiarrak brontzea 102,49ko denboraz.

Chourrautek jardun bikaina egin du gaur arratsaldean, asteleheneko sailkapen-probetan baino seguruago agertu baita. Astelehenean, lehen jaitsieraren lehen tartean egindako hutsegite baten kariaz, berrogeita hamar segundoko penalizazioa hartu eta sailkapeneko azken postura egotzi zuten 155,43ko denboraz, hurrengo fasean lehiatzeko aukera arriskuan jarriz. Bigarren jaitsieran, denbora hori hobetu eta 106,47ko kronoa egin zuen, lehiaketako denborarik onena, gaurko norgehiagokan lehiatzeko aukera lortuz.

Chourrauten domina BASQUE TEAMeko kirolari olinpikoek orain arte lortu dituzten lau diploma olinpikoei gaineratu zaie. Diploma horietako hiru banakako diziplinetan lortu dituzte Johathan Castroviejok (laugarren postua errepideko txirrindularitzan), Ion Izagirrek (zortzigarren postua errepideko txirrindularitzan) eta Ander Elosegik (zortzigarren postua C1 slalom piraguismoan). Laugarren diploma 7ko Errugbiko estatuko selekzioarekin jardun duten Bárbara Pla, Amaia Erbina eta Ángela del Pan jokalariek eskuratu dute, hitzordu olinpiko honetan zazpigarren postua lortu dutelarik.

Euskal ordezkaritza olinpikoa, 10 diziplina olinpikotan (atletismoa, eskubaloia, txirrindularitza, hockeya, judoa, igeriketa, piraguismoa, errugbia, tiroa eta triatloia) lehiatuko diren Gipuzkoako hamahiru kirolarik, Bizkaiko zazpi kirolarik eta Arabako lau kirolarik osatzen dute.

 

Iruzkina utzi

(derrigorrezkoa)

 
 
 

Marcas registradas

Basque Country Euskal Selekzioa Euskadiko Selekzioa Euskal Kirolariak EKFB